XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Txari Goienetxe, iraultza pertsonal baten ondorio plastikoak.

Txari Goienetxek Paris eta Zarautzen artean banatzen zituen bere pintura erakusketak, lehen hiriburu horretan bizi baita eta bigarren herri horretan pasatzen baitu udaldia.

Pintura figuratiboa egiten zuen, paisajea gehienbat.

Kolpetik isilgune batetan izkutatu zen eta zortzi urtetako iraultza pertsonal baten ondorio gisa, lan arras desberdinak ezarri ditu Zarauzko Teilatupen Eskultura jestualak izenburu jenerikoaren pean.

Pintora hau ezagutzen zutenak aho zabalik geratu dira eta ezagutzen ez zutenek ere badute erakusketa horretan zehar zertaz harriturik.

Jendeari egiten nuena gustatzen zitzaion, pintura figuratiboa, paisaiak eta baserriak, baina urteen buruan gauza bera egiten aspertu egin nintzen eta eman nezakeena eman nuen segurtasuna izan nuen eta erabat aldatzeko erabakia hartu.

Zortzi urteok nere buruarekiko burruka bat izan dira eta burutu dudan lana ezarri dut erakusketa honetan.

Ez dakit jendeari gustatuko zaion, baina nik uste, inori gustatzen ez zaizkion gauzak egiteko eskubidea ere badugula, aitortzen du.

Goienetxek dozenaren bat erakusketa kolektibotan hartu du parte Europan zehar eta zortzi erakusketa pertsonal egin ditu, horietatik bi Parisen, bi Zarautzen, bat Madrilen, besteak beste.

Bere lanaren berri zenbait pintura liburutan ere agertu da, hala nola, Ivarezen La pintura vasca eta Mujeres españolas delakoan.

Dena den, etapa berriko lanen lehen agerpena Zarautzen ezarri duen hau da.

Obra berriaren esplikazio gisa, bizi izan duen azken etapa horri buruzko pista batzuk eskaintzen ditu: Ni inposizio guztiei alerjia diet eta kreazioa gauza erabat librea izan behar du edo bestela ez du zentzurik.

Pintura figuratiboarekin errealitatea kopiatzea baizik ez nuen egiten edo asko gehiagorik ez behintzat eta nere barrua adierazten zuen lan plastikoa egin nahi nuen, esaten du.

Erakusketa horretan zehar grabatuak ikus daitezke.

Neri errepikapena eraman ezina egiten zait, ezin dut gauza bera behin eta berriz egin eta grabatu hauek ere beti desberdinak egiten saiatzen naiz.

Haurtzarora berriro.

Erakusketa horretan, grabatuekin batean, collage sail haundi bat errepara daiteke.

Txari Goinetxek haurren tailer batzuk zuzendu ditu Parisen bizi deneko auzoan eta, badirudi, berak ere plastikaren plazerra deskubritu duela urteotan.

Paperaren testura landu du lan horietan, paper desberdinekin jolas egitera dedikatu baita, horiekin batean repujatua eta koloreen konbinaketak burutuz.

Material desberdinak ezagutuz joateaz gainera, armonia eta estetika pertsonal bat lantzea izan dira nere helburuak, dio.

Lan horietan guztietan edozein jesto kreatiboa izan daitekeela, frogatu nahi izan du Txarik, galdutako haurtzarora berriro itzuli nahiz bezala.

Egia esan, haurrek asko erakutsi didate, komentatzen du.

Guztietan kontrasteak landu ditu eta materialen nahiz koloreen arteko orekak bilatzen saiatu da.

Hala ere, erakusketa horretara hurbiltzen denarentzat lanik harrigarrienak arte kontzeptual bezala kalifika daitezkeen eskultura batzuk dira, horietan saiatu baita gehienik bere ideia propioak bilatzen.

Zenbait liburu erraldoi ageri dira Teilatupe-n barruan izkirik gabe eta hutsune bitxi batzuk eskainiz, norbere pentsamenduak zulaturik edo ez dakigu zer erosinaturik bezala.

Liburu hauek eskaintzen dizkiot ikusleari, bakoitzak bere zerak hor idatzi ditzan.

Nolabait liburua egiaren sinbolo izan da, jakituriaren agerpen materiala, baina liburua ere dogmak ematen dituen neurrian gauza arriskutsu bilakatzen da eta nik hutsik, zulaturik eta zurian utzi nahi izan ditut, esaten du.

Leihotik sartzen den argitara efekto harrigarriak erakusten dituzten lan horiekin batean, bolumenak lantzen dituzten beste zenbait lan ere ikus daiteke, guztiak bilaketa eta esperimentatze lan luze horren fruitu.

Zaila egiten da eskultura, grabatua eta xerografiak konbinatzen dituen erakusketa honetatik ideia garbiekin ateratzea.

Egileak ere ez du beharbada ideia garbirik eskaintzen barne prozeso batetan murgiltzeko gonbita bat baino izatea ez baitute pretenditzen.

Abuztuaren 12ra arte zabalik izango den erakusketa honetara haur asko agertzen da.

Beharbada pertsona helduak hainbat, dio Txarik eta horiek ez, horiek ez dira harritzen, beren lanetan erabiltzen diren klabe beretsuak ikusten baitituzte orma horietan zintzilikaturik, adinak ez baitu azken finean etengabe haurtzarora itzultzea galerazten, handik abiatuz berriro bizitza irizpide desberdinetan oinarrituz eraikitzeko.

J. A., Zarautz.

Goienetxeren collage bat.